Edukira joan

Frantziako barrutiak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Barrutia (frantsesez arrondissement) frantses estatuko departamenduetako azpibanaketa da.

Ez dira nahastu behar Frantziako udal barrutiekin, zeinetan banatuak daude hiri handiak (Paris, Lyon eta Marseilla)

Departamenduaren barruan lehen mailako administrazio-azpibanaketa da. Bigarren mailan kantonamendua (canton) eta hirugarrenean udalerria (commune) daude. Barruti bakoitzaren buruan suprefeta (sous-préfet) dago; departamenduko prefeta bezala ez da demokratikoki aukeratutako kargua, frantses errepublikako presidenteak zuzenean izendatzen baitu.

Gaur egun estatu osoan (Hexagonoa, Korsika eta itsasoz haraindiko lurraldeak kontuan hartuta) 349 barruti daude. Departamendu gehienek 3-4 dituzte.

Antzinako Erregimenean dagoeneko antzeko kontzeptu baten inguruko proposamenak egin ziren. Frantziako Iraultzaren ostean lurralde antolaketa sakona bultzatu zen eta departamenduak sortu ziren. Egitura honetako lehen azpibanaketa proposamena distritua izan zen baina urte gutxi iraun zuten.

Barrutiak VIII.urteko eurikorraren 28ko (1800eko otsailaren 17ko) legearen bitartez sortu ziren distrituak ordezkatzeko. Inoiz ez dute zuzeneko botere handirik izan eta batez ere departamenduko kontseilu nagusi eta prefetari aholkuak emateko ahalmena izan du. Behin baino gehiagotan (1837an, 1871ean) barrutiak desagertzeko proposamena egin da[1].

Noizbait, bereziki Hirugarren Errepublikan, hautesbarrutiaren funtzioa bete izan dute. 1790eko distritu kopurua 1800eko barruti kopurua baino handiagoa bazen, 1926ko irailaren 10eko dekretuaren ondorioz 106 barruti desagerrarazi zituen: 386 izatetik 280 izatera pasatu zen[2][3].

Hortik aurrera beste bakan batzuk ere desagertu badira ere, kontrako joera egon da eta 1960ko hamarkadatik barruti kopurua handitu egin da, batez ere Île-de-Francen eta Itsasoz haraindiko departamenduetan. Beste leku batzuetan ere sortu dira, adibidez Arcaishongoa (Gironda) 2006an jaio zen.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1800ean sortu zirenean Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak Behe Pirinioetan sartu zituzten, gaur egun Baiona Iparraldeko kantonamendua den Aturriko ipar ibarra (orduan udalerria zen Santizpiritu eta Tarnoseko auzoa zen Bokale) izan ezik. Departamenduan 5 barruti sortu ziren: Baiona, Maule, Oloroe, Ortheze eta Pauekoak; haietako hirutan euskal lurrak sartu zituzten, beraz 1800ean hauxe zen egoera:

1926an desagertarazi zituzten barrutien artean Behe Pirinioetako bi egon ziren, Ortheze eta Maulekoa (1841etik Maule-Lextarreko kantonamendua zeritzona); azken honetako lurraldeak horrela banatu ziren:

Aturritik iparraldera kokatutako eremuari dagokionez, 1857an Landetatik Behe Pirinioetara pasatu ziren: Santizpiritu udalerria izateari utzi eta Baionan sartu zuten eta alderantziz Bokale udalerria sortu zen; Tarnose, ordea, Landetan geratu zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. René Mornet, « Il faut supprimer les arrondissements », Revue administrative aldizkaria, 1972ko ekaina, 22-27.or.
  2. 1926ko erreforma Splaf webgunean.
  3. 1926ko erreforma Guichet du Savoir webgunean.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]